Gizonezkoetan, Estatu Batuak eta Frantzia nagusi izan dira Mexiko eta Filipinaken aurka, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, mexikarrek ezustekoa eman dute Frantzia garaitu hirugarren setean.
Txapelketetako lehen partidak normalean jokatzeko zailenetarikoak izaten dira. Giro hotza egoten da normalean, eta jokalariak, ondorioz ere, hotz egoten dira. Horrela hasi zen Nazioen Liga Gernika-Lumoko Jai Alain frontoian.
Gainera, horrelako txapelketan bezala zenbait arau aldatzen dira Jai Alai Ligarekin alderatuta. Hirugarren setera helduz gero, adibidez, hamar tantora jokatzen da hirugarren jokoa. Horrez gain, ez dago pasak egiteko mugarik, bost pasen araua alde batera utziz. Hutsarteen kudeaketa ere aldatzen da, set bakoitzean bat eskatu daiteke nahi dutenean, minutu batekoa. Azkenik, selekzio bakoitzeko hautatzaileek partidan zehar puntista aldaketa bat egiteko aukera dute.
Kolorea eta zarata zale mexikarrek eman zioten frontoiari. Hain zuzen ere, Ameriketako Estatu Batuek eta Mexikok eman zioten hasiera lehiaketari. Matthew Douglas Langhans eta Benjamin Maxwell Langhans alde batetik, eta Marco Antonio Ochoa Lopez eta Mauricio Zapata Dagradi, bestetik. Mexikarrek hasiera baten ez zituzten animoak nahi bezala erantzun ahal izan. Haien hutsekin batez ere estatu batuarrak 9-3 aurreratu ziren. Ochoa aurrelaria jokoan sartzen zen bakoitzean aldatzen zuen jokoaren dinamika. Dominatu ezinik zeuden, eta haien aurkariak eroso pilota bat gehiago eramanez. Azkenean, 15-6 lehen setaren amaieran. Hain zuzen ere, Langhans anaiak erregularragoak izan ziren partida guztian zehar. Hori bai, mexikarrek kalitate keinu ederrak utzi zituzten, batez ere Ochoa aurrelariak errematean zein esku bakarraz pilotak sartuz. 2-2 eta 12-9 tantoak izan ziren luze eta politenak. Azkenean 15-9 eta estatubatuarrentzat lehen puntua (2-0).
Baina zalego mexikarren animoek ez zuten etenik izan. Emakumezkoetan ere jokatzen zutelako Frantziaren aurka. Lehen partidan ez bezala, agintea izan zuten markagailuan. Oihana Sorozabal eta Romane Mercadie lehen tantoan bakarrik jarri ziren aurretik. Hortik aurrera Tania Mayorga eta Maria Fernanda Ballesteros izan ziren nagusi. Batez ere 0-6ko partzial batekin zuloa zabaldu zuten. Frantziarren hutsarteak berandu egin zuen erreakzioa. Sorozabal gehiago sartu zen jokoan eta 12-13 jarri arte hurbildu ziren. Joko amaieran, ordea, frantziarren hutsak itzuli ziren: 12-15. Mercadie bere tokia aurkitu ezinik zebiltza, pilota asko ezin sartuz. Lehen setan bezala, hasiera berdindua izan zen. Baina mexikarrak aurretik frantziarrak zortzina berdindu zuten arte. Sorozabalek aurrean erantzunkizuna hartu zuen eta 8-1eko partziala sartu partida hirugarren jokora bidaltzeko: 15-9. Nazioen Ligako lehen hirugarren seta, ez ahaztu hamar tantora dela. Frantziarrak 6-3 aurreratu baziren ere, mexikarrak markagailua iraultzeko gai izan ziren 7-10 gailenduz.
Nazioen Ligako lehen jardunaldia ixteko, Frantzia eta Filipinas aurrez aurre gizonezkoen A multzoan. Hau da, Ludovic Laduche eta Jerome Portet Robin Galgana Flores eta Daniel Eric Vegaren kontra. Frantziarrak oso nagusi izan ziren hasieratik. Filipinako bikoteak Jai Alaiko harmailetatik animoak falta izan ez bazituzten ere, lehen setan ez zuten lortu tantorik egitea. Laduchek aurreko koadroetatik dominatu zuen eta pilota atzeratuz jaun eta jabe izan ziren: 15-0. Bigarrenean aukeraren bat gehiago izan bazuten ere, ez zuten zorterik izan tantoa amaitzerakoan. Puntistak tokiz aldatu ziren eta guzti. Hori bai, esan beharra dago Filipinako bikotearen hiru tantoak eguneko tantorik ospatuenak izan zirela alde guztiarekin. Euskaldunak behintzat haiekin daude. 15-3 bigarren setean.
Asteleheneko partidak:
- 18:30ean Espainia-Mexiko (emakumezkoak)
- 20:30ean inaugurazio ekitaldia
- 21:15ean Euskal Selekzioa-Frantzia (emakumezkoak)
- 22:15ean Euskal Selekzioa-Frantzia (gizonezkoak)

