Finalaurrekoak zehaztuta geratu dira

Euskal Selekzioa-Espainia eta Estatu Batuak-Frantzia dira Nazioen Ligako gizonezkoen f inalaurrekoak. Emakumezkoen final aurreratuan, ostiralean berriro elkarren aurka jokatuko dutelako, Espainiak Euskal Selekzioari irabazi zion.

Nazioen Ligako laugarren jardunaldia partida bereziki garrantzitsuarekin hasi zen. A multzoko bigarren sailkatua erabaki beharra zegoen, Espainia eta Mexikoren artekotik aterako zen, irabazten zuenak finalaurrekoetarako txartela lortuko zuen. Batetik, Cosme Agirre eta Ruben Bailo, eta bestetik, Gonzalo Sierra eta Javier Ruiz. Mexikarrak gogotsu hasi ziren, ikuskizuna eman nahian, batez ere Sierra aurrelaria. Hori bai, 8-1eko partzialarekin bideratuta utzi zuten lehen jokoa aurkariek: 15-6. Bigarren setean ere gidoia errepikatu zen, berdintasuna izan zen nagusi markagailuan 7-7 egon arte, eta gero heldu zen Agirre eta Bailoren aurrerapausoa 15-9 gailendu arte.

Bigarrenean, berez, ez zegoen ezer jokoan, emakumezkoen Euskal Selekzioa eta Espainiaren artekoan. Final aurreratua zen, bi bikoteak sailkatuta baitzeuden ostiralerako. Interesa bestelakoak piztu zuen, bi selekzioen arteko lehen neurketak. Roberto Lekuek ez zuen aldaketarik egin eta Erika Mugartegi eta Arai Lejardi kantxaratu zituen. Ander Bilbao, ordea, debuteko bi puntistekin atera zen: Elaia Gojenola eta Maia Goikoetxea. Ondo baino hobeto elkar ezagutzen duten lau puntista izanik, astero jokatzen dute elkarren aurka, urduritasuna hobeto kudeatzen zuenak asko zuen irabazita. Alde horretatik, egungo munduko txapeldunek haien esperientzia baliatu zuten lehen setean gailentzeko: 15-5. Apur bat bada ere lasaitu ziren euskaldunak, 4-5 jarri ziren aurretik eta guzti. Hori bai, hutsegiteak laster itzuli ziren eta beraiekin markina-xemeindarrentzat garaipena: 15-7. Ostiralean jokatuko dute berriro elkarren aurka finalean.

Multzokako faseko azken partida, eta B multzoko lehen postua ziurtatu nahi zuen gizonezkoetan Euskal Selekzioak. Eñaut Urreistik eta Unai Lekerikabeaskoak jantzi zuten lehen aldiz selastiko berdea, aurrean Filipinako Robin Flores eta Carlo Benavente. Faboritoek ez zieten aukerarik eman, eta 15-5 eta 15-5 irabazi zuten. Horrenbestez, hurrengokoak dira f inalaurrekoak: Euskal Selekzioa-Espainia eta Estatu Batuak-Frantzia.

Osteguneko partidak:

21:00etan Estatu Batuak-Frantzia
22:00etan Euskal Selekzioa-Espainia

Elkarbanatu