Euskal Selekzioak eta Espainiak jantzi dituzte Nazioen Ligako txapelak

Erika Mugartegik eta Arai Lejardik beste urrezko domina bat lortu dute. Hori bai, finalean lan gehiago egin behar izan dute. Aritz Erkiagak eta Imanol Lopezek lehen urrezko domina lortu dute Euskal Selekzioarentzat.

Nazioen Ligako finalek osagai guztiak zituzten handiak izateko. Giroa, tokia, maila… dena. Emakumezkoek eman zioten hasiera azken jardunaldi handiari. Bi hautagai nagusi zeuden txapelketa hasi aurretik, eta ez batak ez besteak ez zuten hutsik egin. Espainia zen faborito nagusia, Erika Mugartegi eta Arai Lejardi egungo munduko txapeldunekin. Bestetik, Euskal Selekzioak Elaia Gojenola eta Maia Goikoetxearekin multzokako faseko partidaren oso bestelako finala nahi zuen.

Hasieran, behintzat, ez zen horrelako izan. Hain zuzen ere, asteazkeneko partidaren itxura handia zeukan. Euskal Selekzioko bikoteak Mugartegi saihestu nahi bazuen ere, ez zuen lortzen eta aurrelariak aldeak ezartzen zituen pilota atzeratuz, eta gero bien tartera moztuz. Gainera, Lejardik atzean ez zuen ia hutsik egiten, pilota asko sartu bakarrik ez, baita toki txarretan kokatuz ere. Horrela, ia konturatu barik, 6-0 aurreratu ziren. Pentsa, euskaldunen lehen tantoa eskapada batetik heldu zen. Ander Bilbaoren hutsarteak ez zuen dinamika aldatu. Gorriak nagusi ziren, eta urdinak nahi eta ezin zeuden. Hutsak pilatuz lehen seteko 15-4ra heldu ziren.

Gojenolaren lehen erremateak, bere lehen aukeretako batean, Jai Alaiko zaletuak piztu zituen. Are gehiago partidan lehen aldiz aurretik jarri zirenean, 1-3. Berriatuko bikoteak zuloa aurkitu zuen pilota atzeratuz, ostean bi markina-xemeindarren arteko espazioa aurkitzeko. Sentsazioak oso bestelakoak ziren, eta gainera zalegoa zuten alde. Gojenola ausartago agertu zen aurreko koadroetan eta partida aldatu zuen. Hori bai, Mugartegik eta Lejardik bizirik jarraitzen zuten, atzelariak bereziki, pilota benetan zailak sartu zituen, bata bestearen atzetik. Ez zuten hutsegiterik egiten, eta ondorioz, euskaldunen bakoitzak min bikoitza egiten zuen. Horregatik, Espainia behin aurretik jarri zenean, ez zuten aurrea galdu. 7-6koarekin lau tanto egin zituzten jarraian ostera ere zuloa zabaltzeko. Euskaldunek amore eman ez zuten, eta bai, finala, emaitza berdina izan arren, sentsazioak desberdinak izan ziren. Azkenerako 15-9 amaitu zen bigarren jokoa. Beste txapel bat markina-xemeindarrentzat.

Euskal Selekzioarentzat bigarren aukera. Gizonezkoetan, edozein Grand Slameko finala izan zitekeena: Aritz Erkiaga eta Imanol Lopezen Euskal Selekzioa Ludovic Laduche eta Thibault Basquen Frantziaren aurka. Gainera, finalak beste osagai bat izan zuen lehen tantotik: polemika. Hain zuzen ere, puntistek lerroak mugara arte bilatu behar zuten tantoa egiteko. Ispastertarrak hasieratik jokoan sartu nahi zuen, eta frantziarrek hori ekidin. Basquek atzeko zuloa bilatzen zuen etengabe eta Laduche erasokor agertu zen hasieratik. Maila oso altuko finala izan zen, ez zen gutxiagorik espero. Frantziarrek bost tanto egin zituzten jarraian haien ahalmen fisikoa erabiliz: 8-13. Bazirudien lehen jokoa bideratuta zutela urdinek. Momenturik zailenean euskaldunek haien izaera atera zuten, berezi egiten dituena. Harmailak ere zerikusi handia izan zuen erreakzio horretan. Ikusgarria, 13. tantoan utzi zituzten frantziarrak ezinezko zirudien lehen jokoa irabazteko.

Bigarrenean mailak ez zuen behera egin, are gehiago, gora egin zuen. Frantziarrak pixkanaka partida gogortzen zindoazen, euskaldun beteranoak zigortu nahi zituzten alde horretatik. Lopezen ormabiko ikusgarri batek zaleak aulkietatik altxarazi zituen. Bestetik, Laduchek oldarkor jarraitzen zuen, batzuetan gehiegi eta guzti, egindako tantoak hutsegiteekin tartekatzen zituelako. Finaleko beste osagai bat, zorionez bakarrik sustoan geratu zena, Basqueri pilota batek hankan jo baitzion. Frantziarrek aurretik jartzea lortu zuten 7-8 zubira botatako pilota bikain bati esker. Ostera ere euskaldunek haien esperientzia baliatu zuten setaren amaieran. Erkiagak gainera finala ixteko erantzukizuna hartu zuen, eta zelan ez, esan eta egin: 15-11. Euskal Selekzioarentzat urrea.

Elkarbanatu