Euskal Selekzioak garaipenekin, 2-0 emakumezkoetan zein gizonezkoetan, hasi zu Nazioen Ligako bere lehen ibilbidea. Horrez gain, Espainiak nesketan bere hautagaitza aurkeztu du Mexikoren gainetik pasata. Jai Alaik sarrera bikaina izan du.
Gaurko eguna historikoa izan da euskal pilotarentzat. Gaur aritu baita lehen aldiz euskal selekzioa Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa batean: zesta-puntako Nazioen Ligaren lehen ekitaldian. Nekez izan zezakeen estreinaldi hoberik euskal selekzioak, etxean jokatu baitu aurreneko txapelketa, Gernika-Lumoko Jai Alain.
Aurkezpen ofizialaren aurretik, ordea, jokatu beharra zegoen. Emakumezkoetan, Mexiko eta Espainiaren artekoak ireki zuen bigarren jardunaldia. Tania Mayorga eta Maria Fernanda Ballesteros irabaztetik zetozen, baina aurrean egungo munduko txapeldunak zituzten: Erika Mugartegi eta Arai Lejardi. Markina-Xemeindarrek hasieratik erakutsi zuten Espainiaren hautagaitza. Kasu honetan, ez zuten ezustekorako tartetik utzi: 15-2 gailendu ziren lehen jokoan. Bigarrenean, mexikarrak 0-2 aurretik hasi baziren ere, berehala eman zioten buelta markagailuari Mugartegik eta Lejardik. Hori bai, lehen zatian kosta zitzaien tartea zabaltzea. 6-5aren ostean sei tanto egin zituzten jarraian eta bigarren jokoa 15-7 amaitu. Lehen puntua ondorioz Espainiarentzat.
Jai Alai frontoia lepo beteta, asko oraindik oilo ipurdiarekin Euskal Selekzioaren ametsa egi bihurtuta ikusirik aurkezpen ofizialaren ostean. Gainera, emakumezkoek jokatu zuten Euskal Selekzioaren partida ofiziala. Beste pauso bat. Elaia Gojenolak eta Maia Goikoetxeak jantzi zuten estreinakoz elastiko berdea. Aurrean, lehen jardunaldian galdu ostean, irabaztera behartuta zegoen Frantziako Selekzioa: Oihana Sorozabal eta Xana Gonzalez. Bi bikotei hasieran urduritasun puntu hori nabaritu zitzaien. Batzuentzat estreinaldia zelako, besteentzat lehia garrantzitsua zelako. 0-2 aurreratu ziren frantziarrak, baina behin urduritasunak kenduta, hamabi tanto egin zituzten jarraian euskaldunek. Azkenean, 15-3. Ez zen gidoi aldaketarik egon bigarren jokoan, Goikoetxeak atzeratu eta Gojenolak bukatu 15-2ra heldu arte.
Gizonezkoen txanda, aurrez aurre Aritz Erkiaga eta Imanol Lopez Jon Tambourindeguy eta Thibault Basquen kontra. Beteranoak izango dira, baina Euskal Selekzioaren kamiseta janzten zuten lehen aldia zen. Horregatik atera zuten euskaldunek haien bertsiorik onena, Erkiaga gainera bereziki erasokor agertu zen hasieratik. Frantziarrak nahi eta ezin: 15-6 lehen jokoan. Bigarrenean sentsazio hobeekin hasi ziren urdinak, baina gutxi iraun zien pozak. 2-3 aurreratu baziren ere, Erkiagak bere erakustaldiarekin jarraitu zuen eta Lopez beti bezian sendo agertu zen. Erresistentzia handiago erakutsi bazuten ere, azkenerako egun historikoa borobildu zuen Euskal Selekzioak: 15-11.
Astearteko partidak:
19:00etan Espainia-Estatu Batuak (gizonezkoak)
20:00etan Espainia-Frantzia (emakumezkoak)
21:00etan Espainia-Mexiko (emakumezkoak)

