Euskal Pilotako Selekzioak Nazioen Ligan egingo du debut ofiziala

Euskal pilotako euskal selekzioak ofizialki egingo du debuta Euskadin lehen aldiz jokatuko den Nazioen Ligan. Txapelketa ekainaren 1tik 6ra bitartean ospatuko da Gernikako Jai Alai frontoian. Pasa den abenduan Nazioarteko Federazioak Euskal federazioa kide ofizialtzat onartu ostean emango da Euskal Selekzioaren debuta.

Datorren ekainaren 1ean euskal pilotak mugarri historiko bat biziko du. Euskal Selekzioa nazioartean lehiatuko da, lehen aldiz, ofizialki, eta Euskadin lehen aldiz antolatuko den Nazioen Ligan egingo du, datorren ekainaren 1rtik 6ra, Gernikako Jai Alai frontoian.

Lehiaketaren aurkezpena Bilboko Bizkaia Frontoian egin dute gaur eta bertan hartu dute parte erakunde sustatzaile nagusietako ordezkariek: Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak; Ibone Bengoetxeak, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza politikako sailburua; Xavier Cazaubonek, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko presidenteak; eta Joxe Mari Mitxelenak, Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidenteak.

Lehiaketaren zehaztasunak

Euskal Selekzioak ez ezik, nazioarteko beste bost taldek ere hartuko dute parte Euskadin ospatuko den Nazioen Liga honetan: Frantzia, Espainia, Filipinak, Estatu Batuak eta Mexiko. Punta-puntako taldeak dira hauek, gaur egun, kirol honetan. Bertako kirolarientzat eta Bizkaiko eta Euskadiko ikusleentzat pilota gure erkidegoan errotuta dagoela erakusteko aukera paregabea da hauxe.

Lehiaketa ekainaren 1ean hasiko da, igandean, ligaxka partidekin. Ekainaren 5ean final erdiak jokatuko dira eta, ekainaren 6an, final handia. Gizonezkoen ligaxkan bi multzotan banatu dira taldeak: A multzoan España, Mexiko eta Estatu Batuak; B multzoan, Frantzia, Euskadi eta Filipinak. Emakumezkoen ligaxkan multzo bakarra izango da, lau talderekin: Euskadi, Filipinak, Frantzia eta Mexiko.

Lehiaketako tanteoa 15/15 eta berdinketa apurtzeko 10 tantura jokatuko da. Bi txapelketetan kanporaketa oso orekatuak espero dira eta ez dago garaipena lortzeko faborito argirik.

Euskal Selekzioko emakumezkoen eta gizonezkoen debuta ekainaren 2an izango da, 21:15ean eta 22:15ean, hurrenez hurren, Frantziaren aurka. Antolakuntzatik dei egiten zaie zale guztiei gure selekzioa animatzeko, ikurrinarekin kanporaketetara joan daitezen.

EiTBk eskainiko duen estaldurari esker, lehiaketa hau zuzenean jarraitzeko aukera izango da.

Elkarbanatu