Hurrenez hurren, Espainia eta Estatu Batuak hartu dituzte 2-0 mendean finalaurrekoetan. Euskal Selekzioaren eta Espainiaren arteko emakumezkoenak irekiko ditu finalak 21:00etatik aurrera.
Amaitu dira probak. Finalaurrekoetan ez dago beste aukerarik, kale edo bale. Frantzia eta Estatu Batuak zuten guztiarekin atera ziren. Harrigarria, edo ez, frantziarren hautaketa, orain arte erabili gabeko bikotea aukeratu zuten: Ludovic Laduche eta Thibault Basque. Estatu Batuetan ezustekorik gabe, Sorozabal anaiak kantxara. Hasieratik nabaritu zen zer zegoen jokoan, urduritasuna zen nagusi, eta bazirudien partida luzerako joango zela. Frantziarrak 4-0 hasi baziren ere, pixkanaka Johan jokoan sartzen hasi zen eta horrekin batera jokoaren ekimena aldatu zen. Hainbeste gogortasunekin, Sorozabal aurrelaria izan zen ausartena, erremate gehien saiatu eta sartu zituena. Jokoa atzean kargatu zuten Laduchek eta Basquek. Zortzina berdintzea lortu zuten estatubatuarrek eta hortik aurrera berdintasuna izan zen nagusi, hurrengo bost tantoetan berdinduz. Azkenerako, urdinentzat seta: 15-13. Bigarren jokoan ere frantziarrak hasi ziren hobeto, 5-3 aurreratu ziren, baina zazpi tanto egin zituzten jarraian estatubatuarrek. Bakoitzak bere pilotarekin min egiten zuen, Sorozabal anaiek biziarekin eta Laduche eta Basquek motelarekin. Hamarna berdindu zuten eta estatubatuarrak 10-13 jarri ziren eta guzti. Ez zuten jakin seta amaitzen eta frantziarrek atzetik aurrerakoa egin zuten 15-13 gailentzeko. Frantzia, Nazioen Ligako lehen finalista.
Bigarrena falta zen, Euskal Selekzioaren eta Espainiaren artekotik aterako zena. Hemen ez zen ezustekorik izan, esan daiteke bikote titularrak atera zirela: Aritz Erkiaga eta Imanol Lopez Erik Mendizabal eta Gorka Mugartegi Atainen kontra. Hasiera berdindua izan zen, Euskal Selekzioko kideek ez zuten beraien tokia aurkitzen kantxan. Ataini bereziki sendo ikusi zitzaion, pilota asko sartuz baita atzeratuz ere. Mendizabalek, berriz, aukera zuen bakoitzean bilatzen zuen errematea. 6-7 aurreratu ziren eta guzti, Estatu Batuaren aurkako estrategia bera erabili zuten, partida luzatzea, alegia. Erkiagak ez zituen beste egun batzuetan bezala zuloak aurkitzen, hasieran, behintzat, set amaierarako aurkitu zituelako eta bere sinadurarekin jokoa biribildu: 15-11. Espainiako Selekzioak gogor eutsi zion etenaldiaren ostean bere jokamoldeari, ez zuten nahi euskaldunek erritmorik hartzea. Hain zuzen ere, 3-3 berdindu arte ez zuten lortu. Lopez beti bezain seguru agertu zen eta Erkiaga errematean asmatzen hasi zen. 9-1eko partziala sartu zieten. Roberto Lekueren hutsarteak ere ez zuen balio izan sarraskia gelditzeko, 11-4 aurreratu ziren. 11-5koarekin markagailuan Mendizabal artatu behar izan zuten oinean. Beranduegi zen euskaldunen olatua geratzeko, erritmoa hartuta zuten eta 15-9ra arte ihes egin zuten.
Horrenbestez, Euskal Selekzioak Nazioen Ligako bere lehen parte hartzean bi bikoteak sartu ditu finalean. Emakumezkoena 21:00etan hasiko da, eta bertan, Euskal Selekzioak eta Espainiak neurtuko dituzte indarrak. Jarraian hasiko da gizonezkoena Euskal Selekzioaren eta Frantziaren artean. Aurretik, 12:00etan hirugarren eta laugarren posturako neurketa jokatuko dute mutiletan Espainia eta Estatu Batuen artean.

